Espazio Digital Inklusiboen Diseinua

Permakulturaren etikak eta irisgarritasuna uztartzen

Permakulturaren etikak lorategi eta paisaia fisikoetatik harago heda daitezke, eta gure espazio digitaletan ere aplikatu. Webgune, sare sozial eta online baliabide inklusiboek aukera ematen diete pertsona guztiei parte hartzeko, edozein izanik ere haien gaitasun, hizkuntza edo teknologiara sartzeko modua.

Artikulu honek ikaskuntza aktiboaren ikuspegi erreflexiboa eta eduki irisgarriak sortzeko proposamen praktikoak uztartzen ditu. Permakultura diseinuan ari bazara edo berdintasuna sustatu nahi baduzu, hemen aurkezten diren estrategiek permakulturaren etikak islatzen dituzten ingurune digitalak eraikitzeko aukera emango dizute.

Zergatik dira garrantzitsuak eduki inklusiboak?

Eduki inklusiboek pertsona guztiek, beren gaitasunak, baliabideak edo jatorria edozein izanik ere, zure materialak eskuratu eta erabat parte hartu ahal izatea bermatzen dute. Hizkuntzaz harago doa hori: formatu anitz eta laguntza-sistemak eskaintzea dakar, publiko zabal batengana iristeko. Horrela, on line ingurune abegikor bat sor dezakezu, non pertsona guztiak baloratuta eta barneratuta sentitzen diren.

1. urratsa: Zure ekosistema digitala behatu eta harekin elkarreragin

Zure edukien irisgarritasuna hobetu nahi baduzu, lehenik eta behin, dituzun edukien funtzionamendua behatzeko denbora hartu. Zenbateraino dira irisgarriak zure webgunea edo sare sozialetako edukiak? Irisgarritasun-auditoretza bat egin egon daitezkeen gabeziak identifikatzeko:

  • Azpitituluak falta dira zure bideoetan?
  • Irudiek ez dute testu alternatibo deskribatzailerik?
  • Zure baliabide deskargagarriak astunegiak dira konexio motela dutenentzat?

Beste pertsona batzuek edukia erraz erabiltzen duten jakiteko, hitz egin zure publikoarekin eta iritziak eskatu, baita pantaila-irakurleak erabiltzen dituztenak, banda-zabaleraren mugak dituztenak edo audio-edukiak nahiago dituztenak ere.

Inklusioan lan egitea ez da berria hasieratik egitea: lehendik dagoena ulertu, eta hortik abiatzea da gakoa.

 

Ekintza Praktikoak
  • Irisgarritasun-tresnak erabili, hala nola Web Accessibility Evaluation Tool (WAVE), hobetu beharreko arloak identifikatzeko.
  • Inkestak edo galdetegiak sortu erabiltzaileen esperientziak jasotzeko.
  • Fitxategi handiak konprimitu irudiak eta bideoak arintzeko tresnak erabiliz.

2. urratsa: Diseinu inklusiboaren printzipioak erabili

Inklusioan pentsatuz diseinatzeak hizkuntzari, ikusizko elementuei eta irisgarritasunari arreta jartzea esan nahi du. Hizkuntza erraz eta inklusiboan idazteak argitasuna bermatzen du publiko globalarentzat.

  • Zenbait pertsona kanpoan utz ditzaketen hizkera edo erreferentzia kulturalak saihestu.
  • Nahiz eta euskarak, berez, genero markarik ez izen gehienetan, neutralitatea eta dibertsitatea kontutan hartzen duzula ziurtatu.
  • Laburpenak edo itzulpenak eskaini zure publikoak gehien hitz egiten duen hizkuntzetan.

Ikus- eta testu-edukiak irisgarriak direla ziurtatu. Irudi guztiak testu deskribatzailearekin lagundu, eta bideoentzat azpitituluak eta transkripzioak eskaini. Horrela, pertsona bakoitzak zure edukia modu erosoenean atzitu ahal izango du.

 

Ekintza Praktikoak
  • Testu alternatibo zehatzak idatzi irudientzat.
  • Azpititulu automatikoak gehitu bideoei doako tresnak erabiliz.
  • Deskargagarriak diren transkripzioak eskaini audioko eta bideoko edukientzat.
  • Hizkera inklusiborako gidak erabili zure testuak berrikusteko.

3. urratsa: Ez sortu hondakin digitalik

Eduki inklusiboen diseinuak eraginkorra izan behar du, baliabideak alferrik ez galtzeko. Hasieratik ondo planifikatzeak berrantolaketa garestiak eta edukiaren bikoizketa saihestu egiten ditu. Adibidez, irudiak eta bideoak konprimitzeak ez du soilik kargatze-denbora hobetzen, baita energia-kontsumoa murrizten ere.

Honez gain, baliabideak xahutzen dituzten praktika kaltegarriak, hala nola bideoen erreprodukzio automatikoa ekiditu dezakegu.

 

Ekintza Praktikoak
  • Doako tresnak erabili, adibidez TinyPNG edo HandBrake, irudi eta bideoak arintzeko.
  • Bideoen erreprodukzio automatikoa zure webgunean eta sare sozialetan desaktibatu.
  • Egiaztapen-zerrenda bat sortu eduki irisgarriak bermatzeko.

4. urratsa: Ereduetatik xehetasunetara diseinatu

Eduki digitalen diseinuan, ikuspegi orokor batetik abiatu, eta gero xehetasunetara jaitsi. Lehenik eta behin, oinarrizko irizpideak erabaki, hala nola multimedia fitxategi guztiek irisgarriak izan behar dutela. Ondoren, xehetasun zehatzak kontuan hartu: koloreen arteko kontrastea, letra-tamaina egokia, azpitituluak, eta abar.

Horrela, hasieratik inklusioa eta eraginkortasuna bermatuko dituen edukia eraikiko duzu.

 

Ekintza Praktikoak
  • Irisgarritasunerako gida sinple bat prestatu, adibidez: “irudi orok testu alternatiboa izan behar du”.
  • Txantiloi berrerabilgarriak diseinatu eduki sortzea errazteko.
  • Zure fitxategi-biltegia berrikusi eta zaharkitutako edukiak ezabatu.

5. urratsa: Kontuan hartu banda zabalaren eta gailuen mugak

Munduko toki askotan, Interneterako sarbide azkar eta fidagarriak erronka izaten jarraitzen du. Zure edukia inklusiboa dela bermatzeko, elementu arinak lehenetsi eta testu bakarreko bertsioak eskaini konexio motelak dituztenentzat. Zure webgunea gailu mugikorretara egokituta dagoela ziurtatu, pertsona asko telefono bidez sartzen baitira.

Muga horiek kontuan hartuta diseinatzeak hainbat testuinguru teknologikotan erabiltzeko bidezko sarbidea bermatzen du, eta eduki digitalen ingurumen-inpaktua murrizten duten eraginkortasun praktikak sustatzen ditu.

 

Ekintza Praktikoak
  • Diseinu moldagarriko tresnak erabili, hala nola Bootstrap edo WordPress gaien bidez.
  • Testu bakarreko bertsio sinplifikatuak eskaini.
  • Zure webgunearen karga-denbora optimizatu, Google PageSpeed Insights bezalako tresnak erabiliz.

6. urratsa: Etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza

Eduki digital benetan inklusiboak sortzea etengabeko prozesua da. Ikaskuntza aktiboaren printzipioek behatzearen, egokitzearen eta iteratzearen garrantzia gogorarazten digute. Eskatu aldizka zure audientziari zure edukien irisgarritasunari eta erabilgarritasunari buruzko iritzia emateko. WAVE bezalako tresnak erabili zure diseinuak probatzeko eta hobetu beharreko arloak identifikatzeko. Esperimentatu metodo berriekin, nabigazio-aukera alternatibo gisa, eta egon aldaketarekiko irekita.

Hausnarketa- eta hobekuntza-ziklo honek permakulturaren etikak islatzen ditu, erabiltzaileen beharretan jartzen baitu arreta eta etengabeko hobekuntza bermatzen baitu. Horrez gain, epe luzeko iraunkortasuna sustatzen du, diseinu-praktika gogoetatsu eta moldagarrien bidez.

 

Ekintza Praktikoak
  • Edukien aldizkako berrikuspenak programatu edukien irisgarritasuna neurtzeko eta hobetu beharreko arloak identifikatzeko.
  • Zure taldea praktika inklusiboetan gaitu, W3Cren Web Accessibility Initiative bezalako baliabideekin.
  • Egon adi irisgarritasunean berritzaileak diren tresnei eta garapenei.

Ondorioa

Eduki digital inklusiboek permakulturaren etikak barneratzen dituzte: Pertsonen Zaintzak pertsona guztien parte-hartzea bermatzen du, Lurraren Zaintzak espazio digitalen ingurumen-kostua minimizatzen du, eta Bidezko Banaketak asarbidea sustatzen du. Etika horiek zure edukietan aplikatuz, espazio digital anitzak, jasangarriak eta abegitsuak susta ditzakezu.

Artikulu hau erakunde inklusiboei buruzko Permaculture Colab-en Next Steps proiektuaren barruan idatzi da. Espazio digital inklusiboen diseinua © 2024 Mayi LekuonaCC BY-SA 4.0 lizentziapean

No Results Found

The page you requested could not be found. Try refining your search, or use the navigation above to locate the post.

Mayi Lekuona

Mayi Lekuona

Mayi permakultura-diseinatzailea eta Academia de Permacultura Íbera-ko tutorea da. Maïa Permaculture kooperatibaren sortzaile-kidea da ere. Bertan, sistema integralen diseinuaren pentsamoldea eta permakulturaren etikak aplikatzen ditu bizitza birsortzaileak eta+p naturarekiko errespetuzkoak sustatzeko: permakulturan oinarritutako espazio jasangarriak diseinatzen, eraldaketaren eragileak ahalduntzen, bai formakuntzen bidez bai natura bizipenen bidez eta komunitatearen eraldaketa bultzatzeko prozesu-partehartzaileak errazten.