ZER DA PERMAKULTURA?
DEFINIZIOA
70eko hamarkadan, Bill Mollison eta David Holmgren australiarrek Permakultura sortu zuten, ingurumen-krisiari erantzun positibista emateko. Hazkunde infinitoaren ereduari aurre egiteko, gure arbasoen jakinduria berreskuratu eta teknologia egokien erabilera sustatu nahi zuten.
Hasieran, permakultura hitza “nekazaritza iraunkorra”-tik (edo “permanent agriculture” ingelesez) etorri zen, baina definizio hori “kultura iraunkorra” (edo “permanent culture”) gisa eguneratu da harrezkero, permakultura ez baita nekazaritza kontua soilik, nahiz eta askotan lorezaintzarekin lotu.
Baina, zer da Permakultura?
Sistema naturaletan oinarritutako erabakiak hartzeko tresna-multzoa da Permakultura, edozein erronkak diseinatzeko irtenbide birsortzaileetara iristeko. Bere helburu nagusia, gure inpaktu ekologikoa murriztea, edo are gehiago, gure inpaktu ekologiko negatiboa positibo bihurtzea da (Patrick Whitefield).
Permakultura bizitza ekologiko eta jasangarrirako diseinu-sistema bat da, landareak, animaliak, eraikinak, pertsonak eta komunitatea integratzen dituena. Hiru etika nagusiren inguruan oinarritzen da: Lurraren Zaintza, edo naturaren kapitala berreraikitzea, Pertsonen Zaintza, edo norberaren, senideen eta komunitatearen zaintzea eta Bidezko Banaketa edo kontsumorako mugak ezartzea, eta soberakinak birbanatzea.
PRINTZIPIOAK
Permakulturaren printzipioak permakulturaren edozein diseinurako jarraibideak dira. Printzipio horiek unibertsalak dira, eta gure berrantolaketa pertsonal, ekonomiko, sozial eta politikoan aplika daitezke. Diseinu printzipio asko daude modu askotan azaldu daitezkeenak. David Holmgren-en 12 printzipioak aurkeztuko ditugu hemen. Printzipio horiek, autorearen arabera, beste modu askotan adieraz daitezke.
Behatu eta Elkarri Eragin
Permakulturaren diseinua arreta handiko behaketan oinarritzen da. Informazioa eta esperientziak biltzen ditu natura, paisaia eta parte hartzen duten pertsonak ulertzeko. Behaketak konponbiderik egokiena aurkitzen lagunduko digu. Ez gutxietsi printzipio hau eta, ezer aldatu baino lehen, aztertzeko denbora hartu!
Energia Lortu eta Bildu
Sistema autosufizienteak diseinatu, hots, bildutako eta gordetako energia modu eraginkorrean erabilitzen dituzten sistemak. Eguzki-energia, energia eolikoa, biomasa, isurketa-ura, nutrienteak eta karbonoa biltegiratzea, baina baita giza kapitala, ezagutza eta motibazioa ere, kontuan hartu beharreko energia-motak dira. Energia-iturri guztietan pentsatu. Non erabili ditzakegu sistemaren hondakinak? Zirkuituak itxi!
Onurak Eskuratu
Uzta planifikatu! Zure sistemek eskaintzen dituzten etekin guztiak ezagutzen dituzula ziurtatu eta ahal duzunean aprobetxatu; baita balio ekonomiko zuzena ez duten errendimenduak ere, hala nola karbonoa bahitzea, estetika eta basa-bizitzako habitata (adibidez, konposta gure lorategian erabil dezakegun sukaldeko errendimendua da).
Autoerregulazioa Ezarri eta Atzeraelikadura Onartu
Lurra sistema autoerregulatzaile baten adibide ezin hobea da. Kudeaketa zuzentzaile errepikakorrak ematen duen lana murrizteko, autoerregulatuagoak diren sistemak diseinatu. Hazkundea eta portaera desegokiak mugatu eta saihestu.
Zerbitzu eta Baliabide Berriztagarriak
Erabili eta Baloratu
Permakulturaren diseinuak zerbitzu berriztagarri naturalen erabilera optimizatzen du, baliabideen kontsumo-eskaerak gutxitzeko eta gizakiaren eta naturaren arteko elkarrekintza aukera harmoniatsuak nabarmentzeko. Baliabide eta zerbitzu horiek agortu ez daitezen, beraien muga naturalen barruan soilik erabili. “Mulch” bezalako baliabide biologikoak erabiliz, plastikoaren kontsumoa murrizteaz gain, materia organiko berria gehitzen diogu lurrari, lurreko hezetasuna mantentzen dugu eta lurzoruaren mikrobioma elikatzen dugu.
Hondakinik Ez Sortu
Erabili gabeko soberakina hondakina da. Sistema batean hondakinak diren produktuak beste batean erabil daitezke. Beraz, zirkuituak itxi eta Zero Zaborraren urratsak ez ahaztu: errefusatu, murriztu, berrerabili, konpondu eta birziklatu.
Ereduetatik Xehetasunetara Diseinatu
Naturaren eredueta jarraitu. Diseinatzerakoan, eredua bizkarrezur gisa erabili, eta gero diseinua xehetasunekin aberastu.
Bereizi baino, Integratu
” Elementu bakoitzak funtzio asko betetzen ditu eta funtzio garrantzitsu bakoitza elementu askok sostengatzen dute”.
Diseinu funtzional eta autoerregulatzaile baten helburua elementu bakoitzak bere beharrak asetzea eta beste elementu batzuen produktuak onartzea da. Elementu bakoitzerako leku egokia aurkitzen eta laguntza eta lankidetza harremanak sortzen saiatu.
Konponbide Txiki eta Motelak Erabili
Sistema praktikoak, energetikoki eraginkorrak eta eskala txikiko funtzioak betetzetzen dituztenak sortu. Eskala txikiko irtenbide eta jarduerak tokiko beharretara egokitzeko joera handiagoa dute, natura errespetatzen dute eta errazago aurreikusiko ditugu ekintzen ondorioak. Sinplea hobea da!
Dibertsitatea Baloratu eta Erabili
Dibertsitatea, sistema natural oparoen oinarria da. Are gehiago, dibertsitateak bizitza erresilientearen adierazpen dinamikoa eta interesgarria eskaintzen du. Sistema dibertsifikatuek ahalmen handiagoa dute interkonexio funtzionalerako, etekin potentzial handiagoak lortzeko eta edozein elementuren galerari aurre egiteko. Dibertsitate biologikoa eta kulturala zabaldu!
Ertzak Erabili eta Marjinala Aintzat Hartu
Ertzak edo sistemak elkartzen diren lekuak toki dinamiko emankorrak eta oparoak dira. Gutxietsi beharrean, ertzak zure diseinuan integratu!
Aldaketei Sormenarekin Aurre Egin
Epe luzeko iraunkortasunak ekosistemen, gure bizitzan eta kultura osoen malgutasuna eta egokitzapena eskatzen du. Ohiko bideetatik atera eta erresilientea izan zaitez: Arazoa konponbidea da!
“Etikak onartuz eta printzipioak gureganatuz, menpeko kontsumitzaile izatetik ekoizle arduratsu izatera pasa gaitezke. Bidaia honek trebetasunak eta erresilientzia eraikitzen ditu etxean eta tokiko komunitateetan. Horrek, energia erabilgarri gutxiago duen etorkizun zalantzagarri baterako prestatzen lagunduko gaitu. “
David Holmgren