Diploma

Etengabe ikasten

DIPLOMA

Permaculture Women’s Guild-arekin Permakulturako Diseinu Ziurtagiria eta Diseinu Sozialeko Ziurtagiri Aurreratua lortu ondoren, Permakulturan Aplikatutako Diseinu Diplomaren prozesua hasi nuen Academia de Permacultura Íbera (AcaPI)-n Aline Van Moerbekeren aholkuarekin. Profesionalen eta aldaketa-eragile berrien prestakuntzarekin konprometitutako erakundea da AcaPI, eta kultura birsortzaileak permakuluran diseinatzeko giza gaitasuna sustatzen du.

Orrialde honetan diplomatura lortzeko egindako 10 diseinuen portfolioa, bestelako irizpideak betetzearen deskribapena eta nire aurkezpenen bideoak eta Jardueren Egunkaria aurkituko dituzu.

Erdi Bideko Aurkezpena Urduñan

Urduñan, 2022ko otsailean egin zen Academia de Permacultura Íbera (AcaPI) -ren urteko topaketaren laburpena.
Erdi Bideko Aurkezpena 2022ko Urduñako topaketan. Aurkezpenaren agiria ikusteko, egin klik HEMEN.

Bestelako Irizpideak

BARREIADURA

“Gure lana eta ideiak besteekin partekatzeko prozesua”

Maïa Permaculture webgunea euskaraz idatzitako lehen permakultura web-orrialdea da. Hori dela eta, tokiko egunkari eta irratietan hainbat elkarrizketa egitera eraman nau (Argia, Iparraldeko Hitza, Euskadi Irratia,…).

Hizkuntz ezberdinetan idatzitako hainbat baliabide sortzeaz gain, sare sozialetan eta tokiko ekitaldietan parte hartu dut (adib. Hendaiako Udalak eta CPIE Euskal Itsas-Bazterrak antolatutako Hendaiako Garapen Iraunkorraren Astean, BDSKoop-ek antolatutako BizHiriak topaketetan, Bioterra Azoka Ekologikoan, etab.).

Bestalde, La Casa Integral-eko Aline Van Moerbeke, Las Acacias-eko Claudia Dörr, L’Invisible Irrésistible-ko Luiza Oliveira eta PermaMed-eko Meiling Colorado-rekin elkar sortu dugun Permaculture Colab-aren itzulpen-zirkuluaren bidez, birsorkuntzarako diseinurantz zuzendutako materiala tekniko eta kulturalki sentikorren itzulpen-zerbitzua bilatzen ari diren pertsona eta kolektiboei itzulpen-zerbitzuak eskaintzen dizkiegu.

KOMUNITATEAREN SORTZEA

“Sare-sozial solidarioei laguntzeko prozesu aktiboa”

Webgune honen eta sare sozialen bitartez, nire helburua komunitate “glokal” baten sorreran parte hartzea da: bai euskarazko sareen ehuntzearen alde eginez, eta baita sare zabalagoetan parte hartzen ere. Lan-Eko co-working lekua eta Sorburu Baratza-ren baratza kooperatiboaren proiektuan parte hartzeak nere eskualdeko sare eko-social sendo batean sartzea baimendu nau.

AcaPI-ren mailan, eztabaidetan aktiboki parte hartuz, laguntza-taldeak bultzatuz, nire diseinuak gure drivean argitaratuz eta Ivan Tellaetxe-rekin eta José Luis Angulo-rekin batera Urduñan ospatutako AcaPI-ren 2022ko Neguko Batzarra antolatuz, gure ikas-komunitatea sustatu nahi izan dut.

Azkenik, diplomatura honetan sortu ziren adiskidetasunetatik, bi idei ernamuindu dira: bata, euskaraz irakatsitako lehen Permakultura Diseinu Ziurtagiria antolatzea Ivan Tellaetxe-rekin; eta, bestea, Hedera Birnaturalizazioarako Elkartea sortzea, espazioak eta ikasketa-denboren aldaketa-prozesuetan modu holistiko eta birsortzaile batean laguntzeko.

SIMETRIA

“Beste pertsona eta permakultura-sareetatik jasotako elkarrekiko laguntza-prozesua”

Diplomatura honetan, nire gaitasun grafikoak La Casa Integral-eko Aline eta Juan Pedrori laguntzeko erabili ditut; bai negozio-planaren maketazioan eta baita, beste dokumentu batzuen prestakuntzan ere.

Honez gain, 12P Permaculture Design-eko Alfred Decker eta Objetivo de Luz-eko Candela Vargas-ekin batera, Rosemary Morrow, Blue Mountains Permaculture Institute-ren sortzailearen “Permaculture Teaching Matters” liburuaren itzulpenan parte hartu dut.

Opariaren ekonomia simetria erakusteko modu egokia da ere. Permaculture Colab-aren itzulpen-zirkuluan, itzulpen-zerbitzurik ordaindu ezin duten pertsona edo taldeekin opariaren ekonomia praktikatzen dugu. Era berean, Lan-Eko co-working espazioan, ezagutzak partekatzeko edo elkarri laguntzeko erabiltzen dugu.

Nire diseinu eta hitzaldi guztietan, besteek egindako lana aipatu eta goraipatzen dut, eta sare sozialetan ere, tokiko proiektu interesgarriak ahal dudan guztia zabaltzen saiatzen naiz.

EBALUAZIOA ETA KOSTUAK

“Permakultura-sistemen ezagutza eta ulermena areagotzeko prozesua, esate baterako eraginkortasuna eta kostu orokorrak”

Portafolioaren diseinu guztiek, permakulturaren etika eta printzipioen ikuspegitik egindako ebaluazio bat dute gutxienez. Horietako batzuetan, hala nola Permakulturako Metodoei buruzko diseinuan, hainbat ebaluazio- eta doikuntza-ziklo daude.

Beharrezkoa zenean, kostu ekonomikoak aztertu dira (adib: Munhoa eta Les Roses). Baina, diseinuaren beharren arabera, beste kapital mota batzuk (soziala, intelektuala, esperientziazkoa, espirituala, materiala, bizia, kulturala) ere kontuan hartu dira. Esate baterako, Japoniako hiri-etxearen diseinua, finantza-alderdian baino, kapital sozial, esperientziazko eta biziaren gehikuntzan oinarritzen da. Nire barne paisaiaren diseinua, kapital sozial eta emozionalean oinarrituta dago, eta nire ikaskuntza aktiboaren diseinua kapital esperimentala eta intelektuala eskuratzean oinarritzen da.

Munhoa-ko baso jangarriaren diseinuak etorkizuneko basoaren nitrogeno-balantzearen azterketa zehatza ere jasotzen du.

Akreditazio Aurkezpena Portavellan

Bi urteko ibilbide bat ondoren, eta akreditazio aurkezpena egin eta gero, 2023ko Urtarrilak 21ean, AcaPI-ren Permakulturan Aplikatutako Diseinu Diploma jaso nuen Aline Van Moerbeke-ren eskutik.

Akreditazio Aurkezpena 2023ko Portavellako topaketan. Aurkezpenaren agiria ikusteko, egin klik HEMEN.

SAREA